ALSAren Etika eta Jardunbide Egokien Kodea

G138ALSAren Etika eta Jardunbide Egokien Kodea National Express taldeak dokumentu bat landu du bere dibisio guztietan lana etikoki egiten dela zaintzeko. Dokumentuak taldearen Iruzurraren Aurkako Politika jasotzen du, manager eta langileek iruzurrari aurre egiteko orduan eta iruzurra antzemateko kontrolak egiterakoan dituzten erantzukizunak definitzeko asmoz.

Enpresa baten jabetzaren lapurreta, dokumentu korporatiboen faltsutze edo aldaketa, informazio konfidentziala baimenik gabe ezagutaraztea... bezalako jokabideak definitutako kanalak jarraituz identifikatu eta ohartarazi behar dira.

Erantsitako dokumentazioak National Express taldearen Iruzurraren Aurkako Politika jasotzen du, baita ALSAren Etika eta Jardunbide Egokien Kodea ere, zeina National Express taldearen Iruzurraren Aurkako Politika Espainiako merkatuko usadio eta ohituretara eta indarreko legeriara egokitzeko egin den. Horrela, National Express taldearekin negozioak egiten dituen pertsona orok, bereziki ALSA dibisioarekin, gardentasunez eta zuzentasunez jokatzea bermatu nahi da, izan langileak, akzionistak, aholkulariak, saltzaileak, kontratistak...

Izaera publikoko zerbitzu bat eskaintzen duen enpresa bat gara, eta, hortaz, posible baldin bada, bezeroen, akzionisten eta administrazio publikoen aurrean are eta irudi eta izen hobea mantentzera derrigortuta gaude.

ALSAko langile bezala, enpresako jarduketa guztietan zuzentasunez eta erantzukizunez jokatzera behartuta gaude, jokabide etikoaren eredu izatera, baita taldearen balioak sustatzen jarraitzera ere.

ALSAko Zuzendaritzatik iruzurraren aurka borrokatzeko konpromisoa hartzen dugu, ez soilik kudeaketa gardeneko giroa sortzeko, baita taldearen aktiboak zaindu eta galera ekonomikoak saihesteko ere.

Adeitasunez

Francisco Iglesias Campos

ALSAko kontseilari delegatua

 

1. SARRERA

Kode honek osatzen du etika eta jardunbide egokien gure programaren oinarria. Gure eguneroko jardunean zuzentasunarekiko konpromisoa mantentzen laguntzeko sortu da. Funtsezko arloetan orientazioa eskaintzen digu, gure jarduerak bai NATIONAL EXPRESS («NEG») taldearen araudi etikoarekin bai aplikagarria den gainontzeko araudiarekin bat aurrera eramateko laguntza eskainiz.

Konpainiaren barne araudia zein konpainiaren jarduera zuzentzen duten kode etiko edo arauak urratu ditzaketen jokabideak, egitateak edo gertaerak arautzea du helburu honako Etika eta Jardunbide Egokien Kode honek, bai eta ALSAren izenari edonola ere kalte egin diezaioketen egoerak prebenitzea ere.

ALSAren Kode Etikoak gobernamendu on korporatiboaren printzipio eta jarraibideak biltzen ditu, hau da, ALSA Dibisioko langile guztien ekintzak gidatzen dituzten balioak.

Kode horrek ez ditu barne hartzen gerta litezkeen egoera guztiak, hala ere, bai jasotzen dituela ALSAn lan egiten duten pertsona guztien jokabidea une oro zuzendu behar duten printzipioak.

Horretarako, ezinbestekoa da langile guztiek Kode hau ezagutzea eta eginkizunak garatzen dituztenean hura betetzea eta haren printzipioei jarraitzea. Hori guztia, une bakoitzean, barneko beste arau berezi batzuek eta, jakina, indarrean dagoen legeriak xedatutakoa alde batera utzi gabe, zeinak nagusi egingo baitira kode honekin ez badatoz edo kodearen kontrakoak badira.

2. APLIKAZIO-EREMUA

Kode Etiko hau ALSA Dibisioko enpresa, zuzendari eta langile guztiei aplikatu beharrekoa da, euren jarduera garatzen duten eremu geografikoa edozein dela ere.

Halaber, kode hau bete behar dute beren lanbide- edo enpresa-jarduerak betetzean NATIONAL EXPRESS taldearekin («NEG») edonolako harremanak dituzten pertsonek, fisikoek nahiz juridikoek, hala nola kanpoko ikuskatzaileek, kontsultoreek, aholkulariek, hornitzaileek, iragarleek... (zerrenda hori azalpen gisa da, eta ez inolaz ere horietara mugatzeko asmoz).

Kodea betetzera mugatzea ez da nahikoa. Gainontzekoekin eta gure komunitate, bezero, akzionista, hornitzaile eta bazkideekin ditugun erantzukizunak ere gogoratu behar ditugu. Langile guztien erantzukizuna eta betebeharra da Kode Etikoa ezagutzea.

3. INDARRALDIA

ALSAk 2010. urtean onetsi zuen bere lehen Kode Etikoa, eta 2011ko abenduaren 1ean jarri zen indarrean.

Kode hori eguneratu egin zen; 2016ko abenduaren 21ean onetsi zen eguneratze hori, eta 2017ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.

Halaber haren beste eguneratze bat (dokumentu hau) egin zen 2018ko abenduan, eta 2019ko urtarrilean jarri zen indarrean.

4. KODE ETIKOA BETETZEKO BATZORDEA

Kode Etikoa Betetzeko Batzordearen figura sortu da, Kode Etikoaren zabalkuntza, ezagutza eta betetzea sustatzeko eta zaintzeko organo arduradun gisa.

Kode Etikoa Betetzeko Batzordea osatzen dute Aholkularitza Juridikoko Zerbitzu Korporatiboak, Giza Baliabideen Zerbitzu Horizontalak, Zerbitzu Horizontal Ekonomiko Finantzarioak, eta, funtzionalki, baita ALSAko kontseilari delegatuak ere.

Giza Baliabideen Zerbitzu Horizontaleko zuzendariak beteko ditu Kode Etikoa Betetzeko Batzordearen zuzendaritza- eta kontrol-zereginak.

Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak honako eginkizun eta eskumen hauek izango ditu:

  • a) Kode Etiko honen interpretazio edo/eta aplikazioarekin lotuta planteatutako kontsulta guztiak ebaztea.
  • b) Kode Etiko honen betetze mailari buruzko txostenak egitea, baita antzemandako ez-betetzeenak ere.
  • c) Kode Etiko honen balizko ez-betetzeak ebaluatzea.

5. PRINTZIPIO ETIKOAK ETA FUNTSEZKO BALIOAK

Kode Etiko hau lanean derrigor bete beharreko honako PRINTZIPIO ETIKO hauetan oinarritzen da:

Legezkotasun-printzipioa

Ordenamendu juridikoa betetzea funtsezko mandatua da ALSArentzat presente dagoen herrialde guztietan. Aplikagarriak diren NEG eta ALSAko barne-politikez gain, jarduten duten eremuko lege-sistemako araudia ere bete behar dute langile guztiek. Egoera guzti-guztietan saihestu behar da legeria haustea.

Legeak ezar ditzakeen zigorrak gorabehera, hauste baten arduradun den langile orok jasoko ditu langile bezala dituen betebeharrak urratzeagatiko diziplina-ondorioak.

Horrenbestez, bezero, administrazio publiko, hornitzaile eta gainontzeko bazkideekin izan beharreko tratuan ALSAren interesen alde eta aplikagarriak diren lege eta araudien arabera jokatzea espero da.

Zuzentasun- eta profesionaltasun-printzipioa

ALSAk zuzentasuna eta profesionaltasuna sustatzen ditu enpresako lan-harremanen elementu gidari gisa.

Lanean profesionaltasunez jardutea arduraz, erantzukizunez eta eraginkortasunez jokatzea da, betiere bikaintasuna, kalitatea eta berrikuntza helburu hartuta.

Lanean zuzentasunez jardutea leialtasunez, fede onez, objektibotasunez eta taldeko edo/eta ALSA Dibisioko interesekin lerrokatuta jokatzea da.

ALSAren izena ona, neurri handi batean, gure ekintzek zehazten dute, baita gutariko bakoitzak duen jarduteko moduak eta jokabideak ere. Gure langile bakar batek legez kanpo edo era desegokian jokatzeak kalte handia eragin diezaioke enpresari. Langile bakoitza jakitun izan behar da jarduten duen herrialdean ALSAren izen ona mantentzea eta sustatzea bere egitekoa dela.

ALSAko langileak enpresa-erabakiak ALSAren mesedetan eta ez bakoitzaren interes pertsonalen mesedetan hartzera derrigortuta daude. Interes-gatazkak langileak enpresan dituzten eskumenen kanpoko jardueretan nahasten direnean sortzen dira, edo langileek euren interes pertsonalei lehentasuna ematen dietenean.

Horrenbestez, langileek, hierarkikoki euren nagusi denari jakinarazi behar diote dituzten betebehar profesionalak garatzerakoan edozein motatako interes pertsonalen bat balego. Hori horrela, ALSAn egiten dituzten jardueren ondorioz merkataritza-harremanak dituzten sozietateekin ezingo dute kontratu edo eskaera pertsonalik gauzatu horrek kontratu edo eskaera pertsonalarentzat edozein motatako abantailaren bat suposa badezake.

ALSAren lehiakide edo bezero den enpresa batekin harremana izateak, enpresa horretako partizipazioren bat izateak edo jarduera osagarrietan parte hartzeak langileei ALSAn dituzten betebeharrak betetzea eragotz diezaieketen gatazkak sor ditzake. Garrantzitsua da, guztiok, gure jarduera profesionala garatzean, interes-gatazkak antzeman eta saihestea, baita interes-gatazka itxura izan dezaketen egoerak ere.

Objektibotasun -inpartzialtasun- eta gardentasun-printzipioa hornitzaileen kontratazioan

ALSAk hornitzaileak hautatu eta kontratatzeko prozesuak objektibotasun-, inpartzialtasun- eta gardentasun-printzipiora egokitu ditu. Printzipio hori merkataritzako kontratuen negoziazio- edo gauzatze-etapa guztietan aplikatuko da.

Helburu horrekin, ALSAk honako betebehar hau ezartzen dio bere buruari: kontratazio-pleguetan enpresak ezarritako behar eta baldintzetara egokitzen diren ondasun eta zerbitzuen hornitzaile ugariren parte-hartzea sustatzea kasuan kasu, eta beti eskaintzarik onuragarrienaren alde egitea.

Behin hornitzailea hautatuta, ALSAko zerbitzu juridikoek dagokion kontratua egin edo ikuskatuko dute; bertan, Aholkularitza Juridikoko SCk egindako jokabide oneko klausula derrigor sartu behar da.

Errespetu eta aukera-berdintasun printzipioa

ALSAk aniztasunak erakundea indartzen duela uste du. Guztiok, bai taldeko kide diren enpresek bai langileek, bezeroek eta hornitzaileek, lan-ingurune ireki eta integratzailea sortzen lagundu behar dugu. Era berean, gure lankideek zein ALSAn lanpostu bat eskatzen duten guztiek aukera berdinak izan ditzaten bermatu behar dugu. Hori dela eta, Konstituzioan eta gainontzeko ordenamendu juridikoan jasotako printzipioak betez, ez dugu inor baztertu behar bere ezaugarri pertsonalengatik, adibidez azal kolorea, sexua, arraza, erlijioa, jatorria, iritzi politikoak, sexu-orientazioa, jatorri soziala, adina edo desgaitasun fisiko edo intelektualen bat izatea. Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenetan jasotako printzipioak ere bete behar dira, bereziki ordainsari bera jasotzeko eskubidearekin eta diskriminazio ezarekin lotutakoak.

Giza eta laneko eskubideen babesa eta esklabotasun modernoaren aurkako borroka

ALSAren nahia etikoki eta zintzotasunez jardutea da, langileen eskubideak osoki errespetatzen direla zainduz, betiere aplikagarria den estatu mailako zein nazioarteko araudiaren arabera. ALSAk estatu mailako zein nazioarteko legerian aitortutako giza eta laneko eskubideekiko lotura eta konpromisoa adierazten ditu, bereziki Lanaren Nazioarteko Erakundearen hitzarmenetan jasotako arlo hauetan: behartutako lana (29. zenbakia), askatasun sindikala eta sindikatzeko eskubidearen babesa (87. zenbakia), sindikatzeko eta negoziazio kolektiborako eskubidea (98. zenbakia), ordainsari bera jasotzeko eskubidea (100. zenbakia), derrigortutako lanaren abolizioa (105. zenbakia), diskriminazio eza (111. zenbakia), gutxieneko adina (138. zenbakia) eta haurren laneko molde okerrenak (182. zenbakia).

Bestalde, gure matrizea, hau da, National Express taldea, Ingalaterran egoitza duen zuzenbide-sozietatea den heinean, 2015etik Erresuma Batuan indarrean den Modern Slavery Act izeneko araua betetzera derrigortuta dago. Arau horren helburu nagusia esklabotasun-egoeren, gizaki-trafikoaren eta behartutako lanaren aurka borroka egitea da. National Express taldearen dibisio gisa, ALSAk taldeak hartutako politika hori betetzen dela bermatzeko beharrezko neurriak aplikatzeko konpromisoa hartzen du, bai bere jardunean bai hornikuntza-sare guztian esklabotasun modernoko edo gizakien trafikoko formatzat har daitekeen jokabide oro saihestea helburu.

ALSAko langile guztiek izan behar dute gogoan taldearen politika euren laneko jardunean, baita kontratista edo hornitzaileekin egin beharreko negoziazio orotan ere. Hori horrela, kontratista eta hornitzaileek ere taldearen politika ezagutu eta betetzen dutela bermatu behar dute. Era berean, langileek enpresan izan daitekeen jokabide susmagarri ororen berri eman behar dute, horretarako indarrean dauden kanalak erabiliz, bereziki dokumentu honetako 8. epigrafean aipatutako LAGUNTZA-LINEA.

Sekretu- eta konfidentzialtasun-betebeharraren printzipioa

ALSA jakitun da sekretu- eta konfidentzialtasun-betebeharra betetzearen garrantziaz.

Horregatik, ALSAko langileek, laneko betebehar gisa, euren lan-jardunaren ondorioz ezagututako datu eta informazio ororen gaineko sekretu-betebeharra betetzea hitzartzen dute.

Horrenbestez, langile orok datu eta informazio hori laneko eginkizunetarako soilik erabiliko du, eta helburu berarekin ezagutu beharra duen jendeari soilik helaraziko dio, hirugarrenen edo norberaren mesederako erabiltzeari uko eginez. Sekretu-betebeharra langilearen eta enpresaren arteko lan-harremana amaitu ondoren ere mantenduko da.

Informazioaren segurtasun-printzipioa

Informazioa ALSAren funtsezko aktiboa da, eta, horrenbestez, behar bezala babestu behar da. ALSAk bere informazio-aktiboak behar bezala identifikatuta eta babestuta izatearen garrantzia ezagutzen du, eta, beraz, aktibook deuseztatu, hedatu, aldatu edo baimendu gabe ez erabiltzea saihestuko du. Horregatik, helburu hori betetzeko zein informazioaren konfidentzialtasuna, zuzentasuna eta eskuragarritasuna bermatzeko, behar beste politika, prozedura, kontrol eta informazio-segurtasuneko antolakuntza-egitura garatu, ezarri, mantendu eta hobetuko ditu etengabe. Horrez gain, bermatuko du erabiltzaileek soilik eta esklusiboki euren zereginak betetzeko ezagutu beharreko informaziora sarbidea izatea.

Hori horrela, langile guztiak dira ALSAko informazio-aktiboen konfidentzialtasuna, zuzentasuna eta eskuragarritasuna babestearen arduradunak, eta, horretarako, Informazioaren Segurtasuna Kudeatzeko Sistema osatzen duten politika eta prozedurak bete beharko dituzte.

Osasunaren, laneko segurtasunaren eta ingurumena babestearen printzipioa

ALSAk lantokian segurtasun eta lan-osasuneko maila altuenak betetzeko konpromisoa hartzen du. ALSAk etengabe lan-jardunbide seguruak sustatzeko beharrezko programa, prestakuntza-jarduera eta barne-kontrolak aplikatzen ditu. Jardunbideokin gure lankide, bezero eta komunitateentzat arrisku oro saihestea dugu helburu. Ildo horretan, ezarritako segurtasun eta lan-osasuneko prozedura eta politika guztiak ezagutu eta bete behar ditugu, bereziki Driving Out Harm programa.

Enpresak eskaintzen dituen bitartekoetan oinarrituta, langile guztiek bermatu behar dute lan-giroak osasun- eta segurtasun-eskakizunak betetzen dituela, eta arlo horietako estandarrak eta politikak zehatz-mehatz betez garatzen dutela beren jarduera.

ALSAk komunitatearen aurrean ingurumena babesteko duen erantzukizuna aitortzen du, eta, hori horrela, enpresa ekoefizientea izateko helburua du. Gure enpresa-jarduera guztietan bultzatu behar dugu ekoefizientzia, gure karbono-aztarna eta ingurumen-eragina murrizten saiatuz. Gainera, gure jarduera edozein lekutan egiten dugula ere, ingurumen arloan aplikagarriak diren lege eta araudi guztiak bete behar ditugu; ez hori bakarrik, presente gauden lekuetan, betekizunon gainetik jarduten ere ahalegindu behar dugu.

ALSAk laneko arriskuak prebenitzeko eta osasuna babesteko politikak, prozedurak eta arauak ditu bere langile guztien eskuragarri. Era berean, ALSAk, hornitzaile guztiekin egiten dituen kontratuetan zenbait klausula aurreikusten ditu, hornitzaileek honako hau hitzematen dutela bermatzeko: laneko arriskuak prebenitzearen arloko legeria errespetatu eta betetzea, lanbide-betebeharrak betetzen dituztenean langileen segurtasuna zaintzea, eta ingurumena babestea eta isuriak zein hondakinak era efiziente eta eraginkor batez kudeatzea.

Garraioaren ikuspegi integrala eta bezeroaren gogobetetasun iraunkorra, premisa horien arabera garatzen du ALSAk bere jarduera, betiere honako balio hauek ardatz: Bikaintasuna, Segurtasuna, Bezeroak, Pertsonak eta Komunitatea.

Gidari izan behar ditugun printzipio eta baliook ALSAko negozio-lerro guztietan ezarriko dira, eta behar bezala helaraziko dizkiete enpresaren arduradunek langile guzti-guztiei. Ikuspegi eta balio berriekin identifikazioa negozio-lerro guztietan izango dugu gidari, erabaki hartzea erraztuko du eta gure posizioa indartuko du garraio merkatuko operadore lider bezala.

Drogei eta alkoholari buruzko printzipioa

Guztiz debekatuta dago era guztietako drogak edukitzea, banatzea edo kontsumitzea lan-orduetan. Ezin da lan-orduetan alkoholik edan. Salbuespenez, alkohola neurrian edateko aukera egongo da ospakizunetan, otorduetan zein kulturaren eta ohituren barruko gainerako egoeretan, betiere horrek ez badu eraginik lanpostuari lotutako lanetan.

Auditoriak eta ikuskapenak

Langile guztiek lagundu egin behar dugu enpresak egiten dituen barneko zein kanpoko ikuskapen, ikerketa eta azterketetan. Halaber, baliteke funtzionario publiko edo erakunde arautzaileek ikerketak edo informazio-eskaerak egitea gure jardueraren garapenari lotuta. Balizko edozein ikerketa edo azterketaren berri badugu, berehala jakinarazi behar diegu hierarkian gure nagusi denari eta Aholkularitza Juridikoko Zuzendaritzari horren gaineko neurririk hartu aurretik. Langile guztiek erabateko laguntza eman behar dute, eta ematen duten informazio guztia egiazkoa, argia eta osoa izango da.

Ikuskapen, ikerketa eta azterketei dagokienez, honako hauek EZ dira egin behar:

• Dokumentuak eskatuko dituztela aurreikusita edo eskaera horren ondorioz, dokumentuak suntsitu, aldatu edo ezkutatu.

• Adierazpen osatu gabeak –eskatutako informazioa edo dokumentazioa ez badugu izan ezik–, gezurrezkoak edo engainagarriak eman enpresako ikertzaile bati edo funtzionario publiko bati, edo beste pertsona batzuengan eragiten saiatu halakoak eman ditzaten.

• Ikerketa banaka egin, ikerketara behar diren baliabide egokiak bideratu behar baitira.

6. ETIKA ETA JARDUNBIDE EGOKIEN KODEAREN AURKAKO EGOERAK

Kodeak balizko dilema etiko eta juridikoak jorratzen ditu, baina ezin ditu azal daitezkeen egoera guzti-guztiak aurreikusi. Egoera zail baten aurrean baldin bagaude, posible da Kodea eta bertan jasotako prozedura eta politikak nahikoa izatea nola jokatu jakiteko; hori bai, baliteke ere orientazio osagarri bat bilatzea beharrezkoa izango den egoera korapilatsuetan ikustea gure burua. Gutariko bakoitzak du beharrezko aholkularitza bilatzeko erantzukizuna.

Azaldutakoa kontuan izanik, jarraian jasotako apartatuetan aurreikusitakoaren aurkako edozein jokabide ahal bezain azkar jakinarazi behar zaio enpresari, horretarako dokumentu honetako 8. epigrafean zehaztutako kanalak erabiliz.

6.1 Segurtasuna eta legaltasuna operazioetan

Operazioetan segurtasunaren eta legaltasunaren aurkakotzat joko dira, laneko jardunean, NEG edo/eta ALSA Dibisioaren interesentzat kaltegarriak diren ekintza edo/eta omisio guztiak.

ALSA Dibisioko langileak NEGen interesen alde jardun behar dute beti, euren esku jarritako baliabideak behar bezala erabili behar dituzte eta NEGentzat kalteak eragin ditzaketen jarduerak saihestu behar dituzte.

Langileek erabiltzen dituzten edo sarrera baimenduta duten enpresako aktiboak zaindu eta babestuko dituzte; betiere, gainera, entregatu zaizkien helburuetarako eta modu egokian erabiliko dituzte.

Langileak laneko betebeharren arabera aplika dakizkien arau guztiak betetzera derrigortuta daude. Ildo horretan, gure jarduera nagusia bidaiarien garraioko zerbitzu publikoak eskaintzea izanik, garrantzi berezia du errepide garraioko arau guztiak osoki eta zorrozki betetzeak, horregatik, Kode honen arau haustetzat joko dira jarraian zehaztutakoak –zerrendak azalpen gisa balio du eta ez da inolaz ere mugatzailea–:

- Takografoa edo takografoko elementuak, abiadura mugatzailea edo ibilgailuan nahitaez eraman beharreko bestelako kontrol-instrumentu edo -bitartekoak manipulatzea behar bezala funtziona ez dezaten.

- Takografoa edo takografoko elementuak, abiadura mugatzailea edo ibilgailuan nahitaez eraman beharreko bestelako kontrol-instrumentu edo -bitartekoak ez izatea.

- Erregistro-orriak, gidari-txartelak edo ibilgailuan nahitaez eraman beharreko bestelako kontrol-elementu edo -bitartekoak faltsutzea, edota horien edukia faltsutzea, baita erregistro-orrien edo gidari-txartelen nahitaezko aipamenak aldatzea ere.

- Erregistro-orria edo gidari-txartela takografoan sartuta ez izatea derrigorrezkoa denean, takografoan gidariaren izena eta abizena jarrita ez dituen erregistro-orri bat sartuta izatea, edo takografoan beste gidari baten erregistro-orriak edo gidari-txartela sartuta izatea.

- Ibilgailuan derrigor eraman beharreko takografoko erregistro-orriak, gidari-txartela edo bestelako inprimakiak ez izatea.

- Takografoa matxuratuta dagoenean gidariak bere lan-jardunaren gainean derrigor egin beharreko eskuzko oharrak egin gabe izatea.

- Zenbait jardunaldiz erregistro-orri bakar bat erabili izana horrek erregistroa irakurtzea eragozten duen erregistro gainjartzea eraginez.

- Pertsona bakar batek jardunaldi berean erregistro-orri bat baino gehiago erabili izana takografoan, salbu eta ibilgailua aldatu bada eta lehen ibilgailuko takografoan erabilitako erregistro-orria bigarrenean erabiltzeko homologatuta ez badago.

- Bidaiarien garraioan, enpresako langileek erabiltzaileekin begirunerik gabe jokatzea, izan hitzez nahiz egitez.

- Enpresari gidabaimena edo laneko zereginak betetzeko beharrezko den beste edozein gaikuntza galdu izana ez jakinaraztea.

- Edari alkoholdunen, estupefazienteen edo psikotropikoen eraginpean lan egitea edo lanera joatea.

- Norberaren, beste pertsonen (lankideak, bidaiariak, oinezkoak edo beste gidari batzuk, hirugarrengoak oro har) edo enpresaren aktiboen segurtasun fisikoa edo osotasuna arriskuan jartzen duen edozein jokabide arduragabe edo nahitako.

6.2 Ustelkeria

Ustelkeria- edo/eta eroskeria-egoeraren bat sortzen duen edo sor dezakeen ekintza edo omisio oro berehala jakinarazi behar zaio enpresari.

Kode honen aurkako jardueratzat jotzen dira funtzionario-eroskeria, influentzia-trafikoa eta antzeko ezaugarriak dituzten eta Zigor Kodean tipifikatuta dauden gainontzeko jarduerak –zerrendak azalpen gisa balio du eta ez da inolaz ere mugatzailea–.

Enpresa eremuko jokabide jakinek gizartearen gaitzespena eragin dezaketela eta azkenaldian auziok hartutako garrantzia eta oihartzun publikoa ikusita, eta, kasu batzuetan legez kanpoko jarduerak eragin ditzaketela ere kontuan izanik, Kode honi dagozkion ondorioetarako, jarraian zehaztutakoak hartuko dira funtzionario-eroskeria, trafiko-influentzia, eroskeria eta funtzionario publikotzat:

Funtzionario-eroskeria

Autoritate, funtzionario publiko edo funtzio publikoan jarduten duen edonori opari edo edozein motatako ordainketa bat eskaintzea edo egitea, duen karguari atxikitako zereginen kontrako ekintza bat edo karguaren berezko ekintza bat egin dezan.

Influentzia-trafikoa

Funtzionario publiko edo autoritate batengan eragitea elkarren arteko harremanak edo beste funtzionario publiko edo autoritate batekiko harremanak emandako nagusitasunaz baliatuta, norberarentzat edo hirugarren batentzat zuzenean edo zeharka etekin ekonomikoa eragingo duen ebazpen bat lortzeko.

Eroskeria

Pertsona bati eragingarri monetario bat edo beste edozein motatakoa zuzenean edo zeharka promes egitea, eskaintzea edo ematea, pertsona horrek, dituen betebeharrak urratuz, zerbait egin dezan edo egiteari utz diezaion, merkataritza-operazio bat lortu edo mantentzeko edo enpresa-jarduera bat egiterakoan bidezkoa ez den abantaila bat lortzeko.

Funtzionario publikoa

Izendapenez zein hautaketaz herrialde jakin batean kargu legegile, administratibo edo judizial bat betetzen duen pertsona (gobernu-estamentu eta -erakunde guztiak barne, izan nazionalak edo lokalak). Herrialde jakin batentzat funtzio publiko bat betetzen duen edozein pertsona, agentzia eta enpresa publikoak ere kontuan hartuta. Nazioarteko erakunde publiko bateko edozein agente edo ordezkari. Kargu politikoak izateko hautagaiak, langile edo kideak edo alderdi politikoak ere sartzen dira.

6.3 Delitu ekonomikoak

Zigor Kodearen arabera delitu ekonomiko bat sortu dezakeen edo sortzearen adierazgarri izan daitekeen edozein ekintza edo omisio, enpresari jakinarazi behar zaio berehala, betiere, asmo txarrez jokatu baldin bada.

Ondorio horietarako, honakoak hartzen dira delitu ekonomikotzat: iruzurrak, kaudimengabezia zigorgarriak, Ogasun Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituak, ziurtagirien faltsifikazioa, bidegabeko jabetzea eta Zigor Kodean tipifikatutako antzeko beste jarduketak.

Gaiaren berezitasun eta konplexutasuna kontuan izanik, Kode Etikoa Betetzeko Batzordea beharrezko duen edozein langileren zerbitzura izango da kategoria honen barruan tipifikatu daitekeen egitateren bat ematen den edo ez inguruko zalantza oro argitzeko.

6.4 Konkurrentziaren aurkako jardunbideak

Lehia desleialeko egoeraren bat edo araudian deskribatutako konkurrentziaren aurkako bestelako jardunbideren bat sortzen duen edo sor dezakeen ekintza edo omisio oro berehala jakinarazi behar zaio enpresari.

Soilik lehia leial eta bidezko batek ahalbidetzen du merkatuak libreki garatzea.

Langile guztiak lehia leialeko arauak betetzera derrigortuta daude. Gai jakin bat lehia defendatzearen aldeko legeriaren mende dagoen zehazteak zailtasunak eragiten ditu, bereziki arauak herrialde batetik bestera eta kasu batetik bestera aldatu egin daitezkeelako. Edozein kasutan, langileek ez dute lehiakideen gaineko informazioa lortu behar industria-espioitza, eroskeria, lapurreta edo entzuketa elektronikoak erabilita, eta ez dute nahita informazio faltsurik zabaldu behar lehiakideen edo lehiakideen produktu eta zerbitzuen inguruan.

6.5 Sekretuak aurkitzea eta ezagutaraztea

Zigor Kodearen arabera sekretuak aurkitu eta ezagutaraztearekin lotutako balizko edozein delitu (informazio pribilegiatua) sortzen duen edo sor dezakeen ekintza edo omisio oro berehala jakinarazi behar zaio enpresari.

ALSArekin lotutako informazio ez-publiko oro jotzen da informazio pribilegiatutzat. Informazio publikoa langile baten kargu eta arduren ondorioz edo nahi gabe eskuratu daiteke, eta jarraian zehaztutakoa bezalako informazio ez-publikoa hartzen du barne: emaitza eta/edo aurrekontu finantzarioak, dibidenduak, bat-egite edo eskuratzeak, desinbertsioak, kontratu edo plan estrategikoen emakidak, auzien gaineko informazioa, zuzendaritzako kideen aldaketak eta merkataritzako kontratuak edo harremanak.

Informazio pribilegiatua ez da argitaratu edo hirugarrengoen esku jarri behar horretarako baimenik izan gabe. Informazio pribilegiatua publikatzea debekatuta dago laneko funtzioen ohiko eremutik kanpo egiten denean edo ALSAren izenean bete beharreko bestelako obligazioetatik kanpo egiten denean. Horrek bai ALSAren barruan bai ALSAtik kanpo argitaratutako informazioari eragiten dio, eta kazetariak, analista finantzarioak, bezeroak, aholkulariak, senideak eta lagunak hartzen ditu barne. Gainera, langileek beti ziurtatu behar dute informazio pribilegiatua biltzen duten euskarriak baimendu gabeko lagunek sarbiderik ez izateko moduan mantenduko direla.

6.6 Jabetza intelektual eta industriala, laneko erremintak behar bezala ez erabiltzearen ondoriozko kalteak.

Jabetza intelektualaren aurkako balizko delitu bat, enpresaren sistema informatikoan kalteak... sortzen dituen edo sor ditzakeen ekintza edo omisio oro berehala jakinarazi behar zaio enpresari.

Langileek jabetza intelektualeko araudia eta NEG eta/edo ALSAri dagokion erabilera-eskubidea errespetatutako dute honako hauekin lotuta: lizentziak, proiektuak, programa eta sistema informatikoak, ekipamenduak, teknologia, know-how edo funtsezko ezagutza, eta, oro har, NEG edo/eta ALSAn sortu edo garatutako gainontzeko lan eta egintzak.

Langileek ez dituzte erabiliko, euren onurarako, NEG edo/eta ALSArentzat interesgarriak diren negozio-aukerak.

Langileek posta elektronikoa, Interneteko sarbidea eta euren eskura jarritako gainontzeko bitartekoak erabiltzeko ezarritako arau espezifikoak bete beharko dituzte, eta inolaz ere ezingo dituzte baliabideok era desegokian erabili.

Langileek konpromisoa hartzen dute lan-harremanaren ohiko garapen eta betetzearen barruan ezagutzen dituzten datu eta informazio guztien gaineko sekretu- eta konfidentzialtasun-betebeharra konplitzeko. Behin enpresarekin lan-harremana amaitutakoan ere mantenduko da indarrean betebehar hori.

6.7 Interes-gatazka

NEGekin lotura duten pertsonen interesak, zuzenean edo zeharka, Taldea osatzen duten sozietateen interesekin bat ez datozenean edo horien aurkakoak direnean, horren arrazoiak pertsonalak, profesionalak, enpresarialak edo bestelakoak diren alde batera utzita, interes-gatazkatzat hartuko dira egoera horiek; eta horri dagokionez, dokumentu honetan araututakoa beteko da.

Adibide gisa, honako hauek dira interes-gatazka dakarten egoera batzuk, guztiak ez badira ere:

- NEGen izenean kontratu bat egitea senide edo adiskide pertsonal batek partaidetza duen edo kudeatzen duen enpresa hornitzaile batekin.

- ALSAren hornitzaile edo bezero baten laguntzaile gisa lan egitea.

- Norberaren kontura negozioak egitea haien izaera ALSAn egindako lanaren antzekoa bada.

- ALSArekiko negozio batean interes pertsonal edo ekonomikoa izatea.

- Hirugarren baten NATIONAL EXPRESS taldearekin lortutako akordio baten ondorioz –eta ordainsari normalaz gain– abantaila pertsonala edo diru-irabazia lortzea.

7. OPARIEKIN, HOSPITALITATEAREKIN, EKARPEN POLITIKOEKIN ETA BABESLETZAREKIN LOTUTA APLIKATZEKO ARAUAK

Bezeroekin, hornitzaileekin edo bestelako bazkideekin harremanean eskaintzen edo jasotzen diren opariak, enpresa-kortesiazko adierazpenak eta hospitalitatea oso ohikoak dira tratu profesionalean harreman onak sustatu eta esker ona erakusteko bitarteko gisa. Edozein kasutan, kortesiazko adierazpen horiek ez dute eragin behar inolako enpresa erabakitan, eta ez dute eragingo duten inpresiorik ere eman behar.

Inolaz ere ez dira baimenduko diruzko opariak edo/eta diruzko tituluak.

Horrelako egoeretan zentzuz, diskrezioz eta zuhurtziaz jokatu behar dugu.

Opariak edo/eta hospitalitate-adierazpenak eman edo/eta hartzeari dagokionez, adibidez ekitaldietarako sarrerak, bidaiak, ostatua eta beste, ez dira baimenduko 150 euro baino gehiagoko balioa dutenak –edo kopuru baliokidea beste edozein dibisatan–. Dena den, opari edo hospitalitate-keinu horiek zer maiztasunarekin jasotzen diren kontuan izan beharko da, eta, zalantzarik izanez gero, hierarkikoki maila bat gorago dagoen arduradunari, Compliance Batzordeari edo Aholkularitza Juridikoko Zerbitzu Korporatiboari kontsulta egin beharko zaio.

Hori horrela, ALSAko langileak derrigortuta daude buzon.compliance@alsa.es helbide elektronikoan ezagutzen dituzten 100 eta 150 euro arteko balioko opari edo hospitalitate adierazpen guztien berri ematera, betiere, euren eskura jarritako ereduari jarraituz. Informazio horrek bai ALSAko langile gisa jasotako opari edo hospitalitate-adierazpenei bai enpresaren izenean zein ALSAko langile-izaeraren izenean hirugarrengoei eskainitakoei eragiten die. Salbuespen bakarra enpresak modu zentralizatuan bidaltzen dituen gabonsariak dira.

ALSAk ez du ekarpen politikorik egiten. Gizarteko partaide arduratsu gisa, ALSAk hezkuntzarekin, kulturarekin eta gizarte-gaiekin lotutako proiektuen aldeko diruzko dohaintzak edo zerbitzu dohaintzak egiten ditu. ALSAk publizitate truke egiten dituen babesletzak ez dira dohaintza bezala hartzen, ezta elkarte patronalen aldeko ekarpenak eta enpresaren interesen alde egiten duten elkarteetako kuotak ere. Dohaintza batzuk beti daude debekatuta, tartean (1) irabazi-asmoko pertsona eta elkarteen aldekoak, (2) kontu pribatuetan egindakoak, (3) ALSAren printzipio korporatiboen aurkako helburuak dituzten erakundeei egindakoak edo (4) ALSAren izen onari kalte egin diezaioketenak.

Dohaintza guztiak gardenak izan behar dira. Horrek hartzailearen nortasuna eta dohaintza zertarako erabiliko den argi eta garbi jakin behar direla esan nahi du, eta, dohaintzaren arrazoia eta helburua barne-arauen arabera justifikatuta, dokumentatuta eta onartuta izan behar direla.

Babesletzak ALSAk enpresaren marka iragartzearen ordainetan hirugarrengo batek antolatutako ekitaldi bati egindako edozein ekarpen hartzen du barnean, izan dirutan edo jenerotan.

Babesletza guztiak gardenak izan behar dira, idatziz jaso behar dira eta zilegi diren enpresa helburuei erantzun behar diete. Horrez gain, ekitaldiaren antolatzaileak eskainitako ordainarekiko proportzionatuak –ez gehiegizkoak– izan behar dira.

8. ALERTAK AURKEZTEKO PROZEDURA. «LAGUNTZA-LINEA» KANALA

ALSA konprometituta dago langileen kezka-iturri den edo langileek enpresarentzat garrantzitsua dela deritzoten egoera edo egitate oro jakinarazteko askatasuna dagoen lan-giroa sustatzearekin.

Kode hau urratzen duen jokabide, ekintza edo omisio bat eman den zentzuzko zantzu bat duen langile orok, lehenik eta behin, hierarkikoki maila bat gorago duen arduradunarengana edo Kode Etikoa Betetzeko Batzordera jo dezake edozein zalantza argitzeko edo alerta bat jakinarazteko.

Era berean, edozein arrazoi tarteko langileak ez baderitzo egokia denik aipatu pertsonengana jotzea, LAGUNTZA-LINEA sistemaren bitartez plantea dezake zalantza edo/eta jakinaraz dezake alerta.

LAGUNTZA-LINEA sistema interes-talde guztien eskura ere badago.

Sistemaren konfidentzialtasuna areagotzeko, alertak jasoko dituen telefono-linearen kudeaketa enpresatik kanpora ateratzea erabaki du ALSAk; helburu horrekin, horrelako zerbitzuetan espezializatutako kanpoko hornitzaile bat kontratatu du. Alertak ingurune seguru batean kudeatuko dira. Egiteko hori zerbitzua eskainiko duen enpresako langile kopuru oso mugatu batek beteko du, guztiak ere prestakuntza profesional egokia jasotakoak.

ALARES SOCIAL CEE SA (ALARES) da dokumentu honetan ezarritakoaren aurkako jokabideak jakinarazteko langileek izango duten telefono-zenbakia kudeatzeko ardura izango duen enpresa.

LAGUNTZA-LINEA erabiltzea edo ez erabaki guztiz borondatezkoa izango da eta honako hauek izango dira erabilera-baldintzak:

Kode Etiko honetako jarduera-arauen edo indarreko legeriaren aurkako ekintza edo irregulartasunen bat gertatu izanaren zentzuzko zantzuak dituzten pertsonek (+34) 900 901 427 telefono bidezko LAGUNTZA-LINEA erabiliko dute ezagutzen duten balizko irregulartasunaren berri emateko.

Telefonoa doakoa da eta astelehenetik ostiralera dago eskuragarri, 09:00etatik 14:00etara. Jaiegunetan ez da zerbitzurik izango.

LAGUNTZA-LINEAra deitzen duen pertsona orok behar bezala identifikatu beharko du bere burua, eta salaketa anonimoak ez dira inolaz ere onartuko. Sisteman salatzailearen eta salatuaren datuak, salatutako gertaerak eta ikerketen emaitza jasoko dira.

ALSAk bere esku den guztia egingo du LAGUNTZA-LINEA kanalera jotzen duten pertsonen nortasuna babesteko, auziaren ebazpenarekin eta aplikagarria den legeriarekin bat. Informatzailearen nortasuna beti hartuko da informazio konfidentzial bezala, eta inoiz ere ez zaio ezagutaraziko ez salatuari ez hirugarrengoei. Txosten guztiak azkartasunez eta zehaztasunez ikertuko dira, aplikagarria den legeriaren arabera betiere.

Sistemaren bidez aurkeztutako auzi ororen ikerketaren emaitza ALARES enpresaren bitartez komunikatuko zaio Kode Etikoa Betetzeko Batzordeari.

Kanpoko hornitzaileak egindako txostena jaso eta gero, Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak txostena aztertu eta ebaluatuko du, eta, jarraian, txostena nork ezagutzea beharrezkoa den erabakiko du, baita zentzuzko epe batean eman beharreko erantzun egokia zein den ere.

Kode Etikoa Betetzeko Batzordea bera da ere diziplinazko prozedurak barne har ditzaketen ekintza zuzentzaileak ikuskatzearen arduraduna, betiere, araudi nazionalak betez.

Alerta bat ikertzea erabaki bezain laster, Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak inplikatutako pertsona guztiei jakinaraziko die alerta, dituzten eskubideak, defentsa eskubidea barne, atzerapenik gabe gauzatzeko aukera izan dezaten. Aldiz, Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak kautelazko neurriak hartzeko eskubidea du, adibidez, alertarekin lotutako frogak suntsitzea eragozteko beharrezko neurriak hartzea inplikatutako pertsonari egoera jakinarazi aurretik.

Kode Etikoa Betetzeko Batzordea kanpoko hornitzailearen bitartez komunika daiteke alerta eman zuen pertsonarekin. Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak atzerapenik gabe komunikatuko dizkio alerta eman zuen pertsonari ikerketaren emaitzak, betiere kanpoko hornitzailearen bitartez. Era berean, kanpoko hornitzaileak jasoko du langileak Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak komunikatutako informazioaren gainean zer erreakzio izan duen.

Salatzailearen nortasuna egiaztatzerik ez dagoen kasuetan izen faltsu bat eman duelako, egindako salaketa baliogabe geratuko da berehala.

Giza Baliabideen Zerbitzu Horizontalari dagokio arau-hausleari zigor espedientea irekitzea edo ez erabakitzea ikerketaren emaitza oinarritu hartuta.

Ikerketak salaketa justifikaziorik gabe, arrazoi bidegabeengatik, fede txarrez edo konpromiso zentzuzko edo frogagarri gabe egin zela egiaztatzen badu, Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak salatzailearen aurkako diziplinazko neurriak hartu ahal izango ditu.

9. DIZIPLINAZKO POLITIKA. ONDORIOAK

Arlo penalean izan daitezkeen ondorioak albo batera utzi gabe, egiazkotzat frogatutako jardunbideak egon eta Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak aplikagarria den araudian zigorgarri bezala tipifikatutako jokabideak identifikatzen dituenean (Langileen Estatutuan, Hitzarmen Kolektiboan, Laudoa...), Giza Baliabideen Zuzendaritzak dagokion diziplinazko prozedura hasiko du jokabideotan parte hartu dutela egiaztatuta geratu den pertsonen aurka.

Prozesu hori diziplinazko espediente baten irekierarekin abiatuko da erreferentziazko araudiaren arabera beharrezkoa denean. Behin espedientea izapidetuta, horrela badagokio, laneko zigor bat aplikatuko da legearen eta barne antolakuntzako irizpideen arabera. Ez da Kodearen ez-betetzerik onartuko. Kodearen aurreikuspenen ez-betetze larriak edo oso larriak diren ekintzak edo omisioak laneko faltatzat hartu ahal izango dira, eta halakotzat zigortu ahal izango dira horien tipifikazioari eta mailaketari jarraikiz (aplikatu beharreko Hitzarmen Kolektiboetan edo indarreko legerian araututa daude horiek).

Kodearen urraketek, gainera, baliteke indarrean dagoen legeria ez betetzea ere ekartzea, eta erantzuleak halakotzat jo ahal izango dira ikuspegi zibil, penal eta/edo administratibotik.

Edozein kasutan, Giza Baliabideen Zuzendaritzak berme legal guztiak errespetatuko ditu.

10. ENPLEGUA BABESTEA

Enpresak garrantzitsutzat jotzen du balizko irregulartasunak salatzea erabakitzen duten langileak laguntzea. Horregatik, beharrezko neurriak hartuko ditu fede onez Barne Alertako Prozesuaren bitartez (LAGUNTZA-LINEA) legez kanpoko egoera baten edo Kode honetan jasotako jarduera irregular baten berri eman duten langileak babesteko, baita emandako azalpenak edo ezagutzera emandako datuak zehaztasunik gabeak balira ere.

ALSAk ez du inolaz ere onartuko fede onez arazoren bat komunikatu duten edo/eta Kode honetan jasotako balizko arau-hausteen ikerkuntzan lagundu duten langileen aurkako errepresaliarik. Fede onez jokatzeak esan nahi du gai bat inolako maltzurkeriarik gabe komunikatzea, onura pertsonala bilatu gabe eta salatutakoaren egiazkotasunean sinesteko funtsezko arrazoiak izanda.

11. INFORMAZIOAREN TRATAMENDUA. SEKRETU- ETA KONFIDENTZIALTASUN-BETEBEHARRA

Enpresak bermatzen du betetzen direla une bakoitzean indarrean den Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa eta 2016ko apirilaren 27ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; bereziki, sekretu- eta konfidentzialtasun-betebeharra betetzen dela bermatzen du, eta, horretarako, arriskuaren araberako segurtasun maila egokia bermatzeko neurri teknikoak eta antolakuntza-neurriak hartzen ditu, hori guztia honako hauek saihesteko: datuak aldatzea, galtzea edo istripuz edo bidegabe aldatzea, baimen gabe datuok komunikatzea edo datuotara sarbidea izatea. Ildo horretan, kontuan izan beharrekoak dira egoera teknologikoa, bildutako datu pertsonalen izaera eta balizko arriskuak, izan giza jardueraren ondoriozkoak edo ingurune fisiko edo naturalaren ondoriozkoak. Era berean, enpresak bermatzen du une oro betetzen duela datuak babesteko indarreko legeriak ezarritako konfidentzialtasunaren eta sekretu profesionalaren betebeharra.

Bezeroen datu pertsonalen bilketa, erabilera, tratamendua eta kontserbazioa egiten da une oro bermatuz intimitate-eskubidea eta datu pertsonalak babesteko indarreko legeria betetzen dela.

Dituen interesak behar bezala defendatzeko aukera izan dezan, salatutako pertsonari ahalik eta azkarren jakinaraziko zaizkio salatutako ekintzak, informazioaren hartzaileak, sistemaren ardura duen departamentua eta datuen babesarekin lotuta dituen eskubideak.

Ikerketak amaitu eta bi hilabeteko gehieneko epean ezabatuko dira datuak salatutako ekintzak frogatzen ez badira. Akzio legalak abiatuz gero, datuak konpainiak auzibidean dituen eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren bitartean kontserbatuko dira.

Sarbide, zuzenketa, ezabatze, tratamenduaren mugaketa edo aurkaritzako eskubideak gauzatzeko, baita datuen gaineko eramangarritasun-eskubidea ere, honako helbide honetara idatzi bat bidal dezakezu: ALSA GRUPO, S.L.U., Calle Miguel Fleta 4, 28037, Madrid. Helbide elektroniko honetara ere jo dezakezu: asesoria@alsa.es. Eskatutako eskubidea gauzatzeko, idatziarekin batera, zure nortasuna egiaztatzea ahalbidetzen duen Nortasun Agiri Nazionalaren edo zuzenbidearen arabera baliokidea den dokumentuaren fotokopia atxiki behar duzu. Era berean, zure datuak modu desegokian tratatu direla uste baduzu, Datuen Babeserako Ordezkariarengana jo dezakezu (dpo@alsa.es) edo erreklamazio bat aurkez dezakezu Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (Jorge Juan kalea 6, 28001, Madril).

12. KODE ETIKOA JAKINARAZTEA ETA ZABALTZEA

Enpresaren Zuzendaritza Nagusiak Kode Etiko hau jakinarazi eta zabalduko die ALSAko langile, zuzendari eta administratzaileei.

Kode Etikoa Betetzeko Batzordeak Kode Etikoaren betetze-maila ebaluatu eta horri buruzko urteko txostena egingo du. Administrazio Kontseiluan aurkeztuko dute txosten hori.

13. ONARTZEA, EGUNERATZEA ETA INDARREAN JARTZEA

ALSAko kontseilari delegatuak 2010ean onetsi zuen Kode Etikoa, eta 2011ko abenduaren 1ean jarri zen indarrean.

Kode hori eguneratu egin zen; 2016ko abenduaren 21ean onetsi zen eguneratze hori, eta 2017ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.

Halaber haren beste eguneratze bat (dokumentu hau) egin zen 2018ko abenduan, eta 2019ko urtarrilaren 1ean jarri zen indarrean.